XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Edo fraide guztien presentian hogendunaren gela ireki erazi, eta haren kulpa honela jakin erazi, molde honetaz fraideak ez zezan ukan, disimulatzeko batere aitzakiarik, punitua izan zedinean; edo lehenago neskatxaren ezpainetatik ezagutu, nola gertatu zen aktione likits hura.

Baina gero pentsatu zuen, neskatxa ez ote zen izanen, berak ezagutzen eta estimatzen zuen gizon prestu baten alaba, eta hala baldin bazen, ezin kausa ziezakeon hari, neskatxa fraide guztiei erakusteko lotsarik, eta lehenbizi erabaki zuen, nor zen jakin behar zuela, gero epaituko bait zuen haren kondukta; eta honela, sekretu handitan, gelara hurbildu zen, ireki zuen, sartu zen eta atea hertsi zuen.

Neskatxa, abatea ikusi zuenean, lotsarren eta beldurraren, negarretan hasi zen.

Abate jaunak, hari behatu eta gazte eta lerden ikusi zuenean, zaharra bazen ere, bere fraide gaztearen gutizia karnal berberak sentitu zituen, eta bere barrenean honela hasi zen pentsatzen: Zergatik ez dut nik gozatu behar, ustekabean presentatzen zaitadan atsegin honetatik, nekeak eta minak nahi hainakoak etorriko bazaizkit etortzekoan?.

Neskatxa hau ederra da, hemen dago eta inork ez daki, eta laket apur baten eskatuko banintzaika, zergatik ez nuke apur hori dastatu behar?.

Nork jakinen luke? Inork ere ez, eta bekatu ongi ezkutatua, bekatu erdi-barkatua.

Halakorik, agian, ez zait berriz ere inoiz gertatuko.

Jainko gure Jaunak bidali derautadan dohainaz ongi baliatzea, zuhur iruditzen zait.

Eta gogoeta hauekin, bertara eraman zuen proposa guztiz aldaturik, neskatxari hurbildu zitzaikan, eta trebeki hasi zitzakan kontsolatzen (...).